XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) sorkuntzaren mugak non dauden finkatzea zaila baita.

Zailtasunak zailtasun, autore biltzailearen eta sortzailearen arteko bereizketa egin beharra iruditu zait eta, ondorioz, folklore-bilduma handiak neurketatik at geratu dira, sorkuntza egon bada, bilketa-metodoan egon delako, baina ez bildutakoaren edukian.

Euskal idazlantzat zein liburu hartu erabakitzea ez da arazo bakarra.

Bada argitalpen-datari buruzko beste bat ere.

Kontua ez da soilki idazlan batek argitalpen bat baino gehiago izan dituela jakitea, baizik eta, areago, produkzio-datatik argitalpen-datara, zenbait autore klasikoren kasuan, epealdi luzea tartekatzen dela.

Faktore hau aintzakotzat hartzeak autore bakoitzaren sorkuntza-lana bere garaian kokatzea lehenestera eta argitalpen-data bigarren mailara pasatzera eraman gaitu.

Nire irizpidea edozein sorkuntza behin bakarrik kontabilizatzea izan da, gidaritzat hartuz bera sortua izan zeneko garaia eta ez argitalpen-data.

Sorkuntza-masa zein sailetan kokatu, honek ere berarekin du buruhauste franko.

Honi buruz esan behar dut, oro har, lehen aipaturiko katalogogileen sailkapenak bere hartan onartu ditudala, aldaketa berezirik sartu gabe.

Horrelako lan batean, zailtasunak norberaren mugen gainetik metatzen dira.

Horregatik, kanpotik inor salatzera etor dakidan aurretik, ni neu aurreratzen naiz esatera hurbilketa-saio honek bere hutsuneak badituela, modu askotakoak gainera.

Beraz, behin-behinekotasunaren zigiluarekin kaleratzen dut, beste norbaitek hobetuko duen esperantzarekin.

J. M. Torrealdaik altxor aberatsa dauka eskuetan eginkizun honetarako Euskal kultura idatziaren ikuspegi orokorra ematera iristen banaiz, konforme nengoke, ez baitut beste asmorik.

Azterketa kuantitatiboari buruzko azalpenak hiru atal nagusi izango ditu: lehenengoan, 1512-1875 epealdia hartuko da, forualdiarekin kointziditzen duena; bigarrengoan, 1876-1975 epealdia, foru-abolizioen ondoko nazio-menerapenak ezaugarritzen duena; hirugarrengoan, 1977-1992 epealdia, (...)